Obturadore-abiadura

Obturadore-abiadura[1], klikatze abiadura edota esposizio denbora, argazkigintzan, argazki-kameraren obturadorea irekia mantentzen den denbora da. Segundo eta segundo frakzioetan adierazten da, hortaz obturadore-abiaduraz aipatzean denboraz ari gara, eta ez abiadura kontzeptuaz (distantzia/segundo).

Argazki-makinetan obturadore-abiadura 30 segundotatik 1/8000 segundoko frakziora doa. 30 segundotik gorako esposizio luzeak burutzeko B aukera edo Bulb modua dago, honen bitartez obturadorea argazkilariaren hatza klikatzailean dagoen denbora guztian zehar irekia mantentzen da. Azken aukera hau gauez hartutako eta zeruko izarrak agertzen diren argazkietan asko erabiltzen da. B aukeraren beste aldaera bat, T aukera edo Time modua da, honetan ere obturadorea argazkilariaren nahierako denboran zehar irekia mantentzen da, baina ez da denbora guztian hatza klikatzailean mantendu behar, nahikoa da hatzarekin behin eman eta obturadorea irekia mantentzeko eta itxi nahi den unean berriz ere hatzarekin behin klikatzea, hortaz argazkilariarentzat aukera erosoagoa da.

Obturadore-abiadura edo esposizio denbora ezberdinen bitartez mugimendua duten objektu edo gauzei argazkia ateratzean efektu ezberdinak lor daitezke: abiadura azkar edo laburrekin objektu edo mugimenduan dauden gauzen mugimendu gelditze efektua lortzen da; aldiz, abiadura luzeekin mugimenduan dauden objektu edo gauzen desplazamendu efektua.

  1. Euskalterm: [Ertzaintza Hiztegia] [2013]

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search